XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero biak lurrera erori ziren.

Animalia erasotzaileak salto batez atzeratu eta bere hortzez eutsi zion gizonari zutitu ez zedin.

Sierra Vista alarmaturik esnatu zen.

Eskilaren oinetik zetorren zaratak deabruen arteko burrukarena zirudien.

Suzko armen tiro-hotsak eta ikaratutako eta larritutako gizon baten ahotsa entzun ziren aiuriekin nahasian, eta guztiaren gainetik kristal hautsien burrunba.

Baina zalaparta hasi bezain bizkor atertu zen.

Burrukak ez zuen iraun hiru minutu baino gehiago.

Etxeko bizilagun izutuak eskilburuan bildu ziren.

Behetik, ilunpetako amildegi batetatik bezala, zarata bat iritsi zen, urari darizkion burbuilena bezalakoa; pixkanaka txistu-hots bihurtu ziren eta gero berehalaxe isildu zen hau ere.

Ezer ez zen entzuten, bizidunen baten arnasketa etena izan ezik.

Weedon Scottek eskilara eta sarrerako argia piztu zuen.

Orduan epailea eta semea kontu handiarekin jaitsi ziren, errebolber banarekin.

Arreta guztiak alferrik ziren, zeren Letagin Zurik lan bikaina egin bait zuen.

Hondaturiko haltzarien artean, saihets batetan etzanik aurpegia besoaz estalita, gizona zegoen.

Weedon Scottek, hurbildu, eskua aurpegitik kendu eta ahoz gora jarri zuen.

Eztarrian zeukan zauri ikaragarri batek ematen zuen heriotzaren berri.

- Jim Hall!- esan zuen Scott epaileak.

Aita-semeak elkarri begira-begira geratu ziren.

Orduan, jarrera berean zegoen Letagin Zurigana jo zuten.

Begiak itxita zeuzkan, irikitzeko ahaleginak egin bazituen ere, isatsari ere eragin nahirik, dardaratxo ahul bat besterik ez zuen lortu.